gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko martxoak 19, asteartea
Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > LAUAXETA, GAUR ERE
ESTEBAN URKIAGA, LAUAXETA

Esteban Urkiaga, Lauaxeta ezizenez ezagutzen den bizkaitar poeta, Laukizen jaio zen, 1905eko abuztuaren 3an.

Bera umea zela Mungiara aldatu zen sendia. Mungian hartu zituen lehen ikasketak. Haiek amaituta, apaiz izateko ikasketak hasi zituen Durangon, josulagunetan: latina eta erretorika ikasi zituen han.


1921-1928KO TARTEA: APAIZ IKASKETAK ETA LITERATURAN MURGILTZEA

Durangotik Loiolara eta Oñara igaro zen, beti ere josulagunen ikastetxeetan, fraide eta apaiz ikasketak egitera. Gero bera bezala idazle eta kulturgizon handiak izan ziren hainbat ikaskide izan zituen, besteak beste Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia eta Pio Montoya.

Loiolan Aita Estefania euskaltzalea izan zuten irakasle, eta hark bultzatuta literatur lan joria egin zuen taldeak: latinezko idazle klasiko batzuk (Kikero, Sofokle, Tuzidide...) euskarara itzuli zituzten eta, orobat, Europan egiten ari zen literatura ezagutu zuten.

Apaiz ikasketak burutzear zela, 1928. urtean komentua utzi zuen.


"EUZKADI" EGUNKARIA

1.929. urtean Orixek hartu zuen "Euzkadi" egunkariaren euskarazko atalaren ardura, eta Lauaxeta harekin hasi zen lanean.

1931. urtean, berriz, Orixek utzi egin zion "Euzkadi-"n lan egiteari, buru-belarri Euskaldunak poema erraldoia idazten aritzeko.

Orduan Lauaxetak hartu zuen haren tokia egunkarian. Orixek baino kazetari sen handiagoa zuela, arras eraberritu zuen euskarazko orriaren edukia. Haren ekarriaz, kultura, iruzkinak, iritzizko artikuluak, aktualitateko gai askotarikoak... agertuko dira "Euzkadi"-n, euskarazko egunkari baten traza-edo hartuz. Egunero idazten zuen "Azalpenak" atalean, esaterako, iritzizko artikuluak plazaratzen zituen, eta era askotako gaiak jorratu zituen: irrigarriak, umorezko ipuinak, lanari eta lan ezari buruzkoak, futbolari zein zinemari eskainiak...


POETEN IRAKURLE, HIZLARI, EKINTZAILE...

Bere lantegi hartan, guztiz interesgarriak ziren literaturari buruzko idatziak. Izan ere, hurbiletik jarraitzen zuen Europako literatura eta maiz eskaini zizkion atzerriko literaturari liluraz beteriko artikuluak.

Sasoi hartan, dena den, beste zeregin batzuetan murgilduta ere bazebilen Lauaxeta. Euzko Alderdi Jeltzaleko kide izaki, hitzaldi beroak eta entzutetsuak eman zituen eta bestelako makina bat ekintzatan parte hartu zuen: antzerki jaiak eratzen, ekimen politiko zein kulturalak moldatzen, Emakume Abertzale Batza indartzen, euskarazko klaseak ematen, euskarazko irratsaioak sortzen eta zabaltzen, euskarazko liburuen erakusketak antolatzen eta abar.


LITERATUR BILTZAILE, IDAZLEEN BULTZATZAILE

1932. urtean, Euskal Erri Jakintza izeneko asmoari eman zion hasiera. " Euzkadi"- ko irakurleei dei egin zien herri kanta, ipuin, esaera, izendegi eta horrelakoak bildu eta bidaltzera.

Deiari erantzunez galtzorian ziren hainbat euskal kanta tradizional jaso zituen Lauaxetak eta egunkarian argitaratu, galtzeko arriskua uxatuz.

1935eko azaroan "Euskal Ingoskiya" deituriko literatur aldizkaria sortu nahi izan zuen "Euzkadi" egunkariaren bitartez. Hainbat poema argitaratzera ere iritsi zen, baina poeta berriak bultzatzeko egitasmoa etenik geratu zen, halabeharrez, guda piztu zenean.


GUDA GARAIA

Guda garaian zeregin guztiak utzi eta Euskal Gudarostean sartu zen Lauaxeta, lehendakariaren agindupean, komandante gradua jaso zuelarik. Gudarosteko propaganda sailean aritu zen batez ere. Eginkizun horretan ari zela kaleratu zituen "Gudari" aldizkaria eta "Eguna", euskara hutsean izan den lehendabiziko egunkaria.

1937ko apirilaren 26an junker alemaniairrek Gernika bonbardatu zuten. Hilaren 29an La Petite Gironde egunkariko Georges Perniard kazetariari lagundu zion Gernikara, Perniard-ek bonbardaketaren ondorioak jaso nahi baitzituen argazkietan. Arratsaldean, ordea, nazionalek atxilotu eta Gasteizko espetxera eraman zuten Lauaxeta. Heriotza zigorra ezarri zioten eta, ekainaren 25ean, afusilatu egin zuten.

Heriotzaren zain zegoen artean poema hunkigarriak eta eskutitz sentikorrak idatzi zituen Lauaxetak, bere izaeraren eta egoera tragikoaren berri ematen zuten hizki garratzak.

Gazterik ernetu zitzaion Lauaxetari olerkari izateko gogoa eta asmoa. “Pioner gazte gara” deitu zien bere ingurukoen buruei Bide Barrijak liburuan. Izan ere, berritzaile errea izan genuen Lauaxeta, euskal poesia eta euskal literatura osoa berritzeko ametsa izan zuen belaunaldi hartako gune eta bihotza.


OLERTI SARIAREN IRABAZLE

1930. urtean, Joseba Ariztimuñok, Aitzolek, sortu eta eraberrituriko Euskaltzale taldeak, Euskal Olerti Eguna deitu zuen Errenterian. Poema lehiaketara, besteak beste, Lauaxeta, Lizardi, Orixe, Loidi, Alejandro Tapia eta abar aurkeztu ziren.

Lauaxetak eskuratu zuen saria. Haren poema bigun eta leuna izan zen irabazlea, Frantziako Sully-Proudhommeren lanean oinarritua zegoena eta hango estetikaren oihartzuna Euskal Herrira erakartzen saiatzen zena.


BIDE BARRIJAK: ASMO BERRIAK

Sariak bultzatu eta akuilatuta, hurrengo urtean bere lehen poema liburua argitaratu zuen Lauaxetak.

Estetika berri baten agerpena zen. Lauaxetak modernitatea, Europan bizi zen modernitatea, euskaraz eman nahi izan zuen. Hantxe dira haren iturriak, iturri ugariak: Frantziako erromantikoak eta sinbolistak maite zituen bezalaxe irakurtzen zituen Espainiako poetak ere, Miguel de Unamuno eta Juan Ramón Jiménez, besteak beste.

Bere lehenengo lan nagusian, gaiak eta hizkuntza, biak batuta, berritu nahi zituen Lauaxetak. Literatur hizkuntza berria nahi zuen euskal olerkigintzarentzat, erromantizismotik urruntzen zena eta modernismoaren topikoak erabiliko zituena. Baina baita gai berriak ere: maitasuna, existentzialismoa, heriotzaren beldurra, poesiaren ahalmen soziala...


ARRATS BERAN

Isilaldi luze samarraren ondoren, bigarren liburua argitaratu zuen Lauaxetak 1935. urtean: Arrats Beran du izena eta poeta egin baten trazak erakusten ditu.

Garai hartan, olerkigintza herrikoiaren alde egiten zen Euskal Herrian, batez ere Manuel Lekuonak, Azkuek, eta Barandiaranek sustatutako bidetik.

Giro hartan, Lauaxetak herri poesiaren inguruan moldatu zuen liburuaren zatirik garrantzitsuena, eta poesia errazago baten alde eginaz herri pertsonaiengan oinarrituriko baladak, erromantzeak eta irri kantak osatu zituen Lauaxetak.

Bide Barrijak poema sortan agertu zuen heriotzaren gaia ere jorratu zuen honetan ere Lauaxetak, baina beste jantzia aldean duela. Oraingoan maitasunaren bidez heriotza gainditu daitekeela uste baitu.


EUSKAL HERRIA ETA EUROPA

Herri poesia eta sinbolismoa bildu zituen liburua aurrera eramateko. Herri poesiaz Euskal Herriko arnasa eman zion Lauaxetak bere liburuari; sinbolismoarekin, berriz, kosmopolitismoz janzten zuen.

Sinbolismoaren bitartez idealaren mundua erakutsi nahi zuen poetak, baina ez zen horregatik gizartetik urruntzen. Poesia gizartea eraberritzeko tresna bazela ikusten zuen Lauaxetak. Poesiak idealaren mundua erakutsi behar zion gizarteari, eta horixe zen, hain zuzen, poetaren lana: ideala erakutsi gizarteari eta gizartea eraberritu. Poesian estetika eta pedagogia uztartzen zituen, Lauaxetak mundua aldatu nahi zukeen, gizartea materialismotik aldendu, utopian dagoen zorionera hel zedin.



HIZKERA POETIKOA



Ez da Lauaxeta bat-batean eta erraz irakurtzen den poeta. Politikan Sabino Aranaren jarraitzaile izaki, haren bideetatik jokatu zuen hizkuntza arazoetan ere, lexiko garbizaletasunetik eta.

Baina hizkera ez da bere olerkigintza zaintzen zuen elementu bakarra. Bere ustetan, poemak ez zuen mamia garbi eta lehenengotan azaldu behar. Sujerentziaz beteriko poemak atsegin zitzaizkion, irakurlearen parte hartzea eskatzen zutenak.


ANTZERKIGILE


Euskal abertzaletasun hazia ereiteko tresna egokitzat zuten garaiko abertzaleek antzerkia. Nahiz ideia zabaltzeko, nahiz euskara hedatzeko erabili zuten genero hori.

Helburu horiekin idatzi zituen Lauaxetak ezagutzen dizkiogun antzerki lanak. Bi berak asmaturikoak ditugu, beste bi beste hizkuntzatatik itzuliak. Bosgarren bat, Gotzone, Mungian eta Lekeition emanaldiak ezagutu zituena, galdu egin da.

Lehengo biak, Asarre aldija eta Epaiya, lan laburrak dira, firi-firiak, ikuslearengan irria sortzeko eginak.

Beste biek hondo sakonagora heldu nahi lukete. Batak, Balbeak, Maeterlinck idazle belgiarraren lanak, sinbolismoaren oinarrietan sartzeko aukera emateaz gain, bere literatur hiztegia aberastu zion. Hausnarketa ederra egin zuen Lauaxetak lan hau itzultzerakoan.

Besteak, Iru gudari, bere lagun Manu de la Sotaren lanak, Lauaxetaren kezka abertzaleei erantzuten zien. Darabilen gaiak –herri maitasunaren sorrera- barru-barrutik hunkitu zuen eta euskal abertzale batzuen fusilamenduaz hitz egiten duenez, Lauaxetari gertatu zitzaionaren aurre ikuspegitzat har daiteke.

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net